24 October 2007
Pasaiako Eusko Alkartasunaren balorazioa uztaileko plenoari buruz
Posted by EA-Pasaia under: Udala/Ayuntamiento .
Pasaiako Eusko Alkartasunatik hurrengo adierazpenak egin nahiko genituzke azken egunetan ikusi eta entzundakoari buruz.
Hasteko, argi utzi nahi dugu gure asmoa itxarotekoa zela, eta inongo baloraziorik ez egitea kortesiazko 100 egunak pasa arte; edozein alderdi boterera iristen denean politikan zentzuzkoak kontsideratzen diren 100 egun horiek.
Oso zaila da, ordea, kortesiaz jokatzea aurrean duzuna gatazka bila dabilenean. Gure alderdiari hasiera bateko elkarrizketetan eskaini zitzaizkion bizikidetza, lankidetza eta kolaborazioa bezalako hitzak ez daukate inongo islarik errealitatean, eta hitzen jarraian ekintzak etorri behar dira, argi uzteko benetako borondatea dagoela eta ez direla hitz hutsak.
Plenoaren garapenak legegintzaldian zehar espero dezakegunaren inpresio bat eman zigun, hau da, inposizioa, iniziatiba falta, gutxiespena eta ia ofentsa pertsonalak. Ondoren etorri zen prentsaurrekoa, zer esanik ez. Beldur gara beren kudeaketa ez den galeriari begira eginikoa izango eta ez Pasaiarentzat irabaziak lortzekoa. Zoritxarrez, argi erakusten ari dira gauzak ez badira beraiek nahi duten momentuan eta moduan egiten euren errekurtso bakarra oldarkortasuna eta deskalifikazioa dela.
EAE-ANVk legegintzaldi honetarako leloa aurkitu du eta aspertu arte erabiliko dute. Ezagutzen dituen edonork daki nolako kontraesana den beraiek izatea norbaiti ezetza erabiltzeaz salatzen dutenak. Kontuan izanda beraiek izan direla, direla eta seguru aski izango direla sistematikoki herrialde honetan egiten den edozein ekimeni ezetza erantzuten diotenak, proposamena beraiena ez den guztietan noski.
Eusko Alkartasunatik oso argi utzi nahi dugu gu udaletxean Pasaiarengatik eta Pasaiarentzat lan egiteko gaudela, eta inork ezin dugula etika edo moral mailako ikaspenik eman, are gutxiago lanari buruzkoak. Beti defendatu dugu erabakiak Pasaian hartu behar direla, baina guk argi desberdintzen dugu zer den negoziazioa eta zer inposizioa.
Aprobetxatu nahiko genuke, gainera, prentsa-ohar hau Sanpedrotarra Arraun Elkartearen aurrean eskusatzeko, banderaren aurkezpenean ez parte hartzeagatik gonbidatuak izan baiginen, bistan dago gure asmoa kontrakoa zela, baina Udaletik ez zitzaigun ordu-aldaketa helarazi.
Pasaiaren onarengatik espero dugu zorigaiztoko legegintzaldi hasiera bat besterik ez izatea.